Urrian egiten da sagar-bilketa; bildu ondoren, lehenik eta behin erabiliko diren sagarrak aukeratzen dira, ondoren garbitu eta, amaitzeko, sagarrak txikitu egiten dira.

Sagarra txiki-txiki egin eta gero, tanga batean gorde eta beratzen uzten dira behar den denboran: nahikoa da 8-10 orduz uztea.

Beratze-prozesua amaituta, sagarren lehen muztioa ateratzen da. Muztio hori upeletan sartzen da; sagar-pulpa, bestalde, dolare pneumatikoetan sartu eta bertan prentsaketa egiten da. 4 ordu inguru irauten ditu prozesu osoak. Prozesua amaitzean, upeletara sartzen da lortutako likidoa, prentsak garbitu, eta berriro betetzeko prest uzten dira.
Azken likido hori upeletan sartu ondoren, bertan uzten da hartzitzen. Hartzidura alkoholikoak, hain zuzen, muztioaren azukre naturala alkohol bihurtzen den prozesuak, astebetetik 10 egunera bitarteko iraupena du. Azkenik, upeletan gordetzen da sagardoa, Txotx denboraldia iritsi arte, hau da, urtarrilaren erdira arte, gutxi gorabehera.